Estás aquí:

Harpidetu BLOG honetar

Idatz ezazu hemen zure e-posta eta sakatu "Bidali" botoia sarrera berriak emailez jasotzeko:

 Beste harpidetza moduetarako:

Imagen RSS
Tweets
 

Erantzunkizunean hezi

Maite Darceles 19/08/2013

hobest.editarako artikuluak labetik ateratzen dihardugu. Oraingo honetan Resu Abasolo eta Juana López de Munaínek gizaki arduratsuak heztearen inguruan ariko zaizkigu eta honetan eskolak joka dezakeen eta jokatu behar duen paperaz, hautu moralak egitearen beharraz ere jardungo baitzaizkigu. Bihoakizue gure eskerrik beroena, Resu eta Juana.

JUANA LÓPEZ DE MUNAÍN *  eta  RESU ABASOLO GALLASTEGI *

Gizakiak heldutasuna erakusten du berak egindakoaren ondorioak bere gain hartzen dituenean. Heldutasun hori, balore etikoez jokatzen denean, antzematen da: autonomiaz eta askatasunez erabakiak hartzerakoan jakintzari garrantzia ematen zaionean, bestearen lekuan jartzeko ahalegina egiten denean eta komunitateko ekintzak norbereenekin sentitzen den erantzukizun berberaz kudeatzen direnean. Beraz, aldagai guztiak kontuan hartzea, ondorioak aurreikustea eta aurre-baldintza gabe erabakiak hartzea da heldutasunez jokatzea.

Hala ere adibide ugari ditugu haurtzarorantz ote goazen pentsarazten digutenak: jendaurrean agertzeko modua: hizkera, janzkera, erabakiak hartzeko irizpide falta… baina gabeziarik nabarmenenak erantzukizun falta eta morrontza dira gure ustean. Erabakien ondorioei garrantzirik ematen ez diegunean eta haurtzaroan gurasoak arduratzen ziren moduan, orain nagusitan, espero dugu parekoren bat etorriko dela hutsuneak betetzera eta, gainera, gai izango dela erantzukizun gabe jokatu duenak sortutako kalteak nori leporatu esateko, kontuan izan gabe, behin ekintza burutakoan egilea dela erantzule nahiz eta ekintzak ohituretan, arauetan, dogmetan eta bitxikerietan oinarrituta egon eta, gezurra izango litzateke jokabide horien adierazpenik okerrena.

Abraham Maslowk, “El hombre autorealizado” liburuan, arau moralen porrotaz hausnartu eta gero galdetzen du: “Nola hezi haurrak, heldu osasuntsu bihurtzeko? Gure ustez premiazkoagoa da horren aurreko galderari erantzutea: Posible al da heztea? Existitzen al da heziketa? Une honetako giroa ez da heziketak eskatzen duen egokiena edo aproposena. Badirudi garai hauek ez datozela bat optimismo pedagogikoarekin baina nahiz eta giza-aurrerapenak ez diren aurrerapen zientifiko eta teknologikoaren parean joan, guk pentsatzen dugu heztea posible dela; errealitate bat dela eta heziketaren bidez, egon badagoelako, gai garela gaur egungo gaiek sortzen diguten dilema etikoak eta moralak argitzeko eta gizartea eraldatzeko. Heziketa, hori baita, askatasunez eta erantzukizunez erabaki egokiak hartzea. Behin erabakiak hartutakoan, erantzule izaten ere lagundu egingo gaituelako. Fernando Savaterren hitzetan: “Gizakiok ez gaude hemen inguruari etengabe erantzunak emateko bakarrik, ingurua asmatzeko eta ingurua eraldatzeko ere bagaude, aurreikusi gabeko egoerak sortu arren”. Unean uneko erronkei erantzuna emateko gai garen neurrian aurrera egiten dugu guztiok, bai norbanako gisa, bai kolektibo gisa. Zer da ba hau, heziketaren ondorio garbia baino?

Esandako moduan, gizakia hezigarria da; irekia delako eta eraldatzeko gaitasuna duelako; naturak ez du azkeneko hitzik, gizakia ez da zerbait amaitua, gizakia proiektu bat da. Askatasunean, elkarren arteko komunikazioan eta autonomian oinarritutako interakzio guztien emaitza da hain zuzen ere. Historiak erakutsi digu hondamendi handienak jaso dituztenak ere hezi egin direla eta horiei esker zientzia eta teknologien aurrerapenak eta giza eskubideak heldu zaizkigu. Hala ere, gehiegizko sinesmenak nahastu egin gaitzake eta heziketarekin dena lortzen dela sinestera eraman.

Abraham Maslowren galderara itzulita, gure ustez pertsona eta erakunde arduratsuak izateko, haurtzarotik hasi beharra dago. Piagetek dio kontzientzia morala sorrarazten dela guztiz funtsezkoa den guraso/seme-alaba erlazioaren ondorioz 7/8 urterekin eta nerabezaroan 12/16 urterekin pentsamendu formalarekin batera, berez hasiko dela gizartearen aurrean bere ekintza eta erabakien erantzukizuna izaten. Eskolaren zeregin nagusia, proposamen guztiak haurraren estadio moralen garapenera egokitzea da, haur bakoitzaren gaitasunen erritmoa errespetatuz, baina baita hurrengo estadiora jauzi egiteko baldintzak aurreratuz ere.

Behin haurra eskolan, eta eskola erakunde hezigarria denez eta guk horrela diogu, hor egiten den guztiak heziketarantz begira egon behar du. Hezkuntza proiektuak eta hori garatzeko jarduerak erabakitzerakoan azken xedea, instrukzioarekin batera, heziketa da eta aipatu dugun gizaki arduratsuaren perfilaren ezaugarri nagusia, berriz, erantzukizuna. Oinarri hau ezinbestekoa da ondo finkatzea. Gainontzeko baliabideek, aurreratuenak izanda ere, ez dute ezertarako balioko irakasleek erakusten duten jarrera, portaera eta hitzen arteko koherentziak ez baditu lotzen. Historian zehar, teoria asko galdu dira horren gabeziagatik.

Heziketa, erabaki egokiak askatasunez eta erantzukizunez hartzen ikastea bada, eskolak berez izaera hezitzailea dauka, eta haurrak eta irakasleak proiektu hezitzaile berberean murgilduta, batzuk zein besteak elkarrekin aberastuko dira, proiektu horrek jasoko dituelako ez bakarrik irakasleen helburuak, ikasleen nahiak, motibazioak eta aurrezagupenak ere. Horretan datza guk proposatzen dioguna eskolari. Hezkuntza proiektua ikaslearengana helduko da irakasle/ikasle ikasle/ikasle jardueren bidez eta, aldi berean, ikasleen erantzunetara egokitu behar horrek irakaslearen planteamendua hobetsi edo berregiten lagunduko du. Etengabeko feedback prozesua da heziketa. Ikasleak, irakaslearen proposamen bakoitza altxor bat dela pentsatzera iristea da irakaslearen erronka, guztiontzako iradokizun eta ametsen iturria dela eskola sumatzera.

Prozesu konplexu baten aurrean gaude eta milaka azpi-erabaki hartuaz helduko gara azken xedera. Azpi-erabaki bakoitza ulertzeko, horretarako, kontzienteki prestatutako jarduerak proposatuko ditu irakasleak ikasle horien aurrezagupen eta zailtasunetatik abiatuta eta erabaki txiki bakoitzaren alde onak eta txarrak eta prozesua bera ere baloratuz: guztien partaidetza, kolaborazioa, errespetuzko jokaera, guztion iritziak kontuan hartu, elkar zaintzea, batak bestea babestea... Hori, arlo guztietan eta egoera guztietan aplikatuz gero bakarrik, lortuko dugu pertsonak arduraz eta erantzukizunez jokatzea bizitzan. Hauxe da eskolaren xedea, ikaslea bizitzarako prestatzea eta eskola leku aproposa da baldintza egokietan eta minik gabe, bizitzan ez bezala, erabaki anitzen ondorioak esperimentatzeko.

Hartu beharreko erabakiak ez dira beti moralak, batzuetan estrategikoak, ekonomikoak, prozedurazkoak, antolaketakoak eta ludikoak ere badira, baina hartu egin behar dira. Guk hausnarketarekin amaitzeko garrantzitsuenak izateagatik erabaki moralak hartzen ikasteko indar handia duen baliabidea ekarriko dugu argitara, irakasle guztien esku dagoen baliabidea delako: irakurketa hain zuzen ere.

Irakurtzeak ikasleari bere inguruan bizi ez dituen egoerak, dilemak, abenturak, gertaerak, pertsonak, bizi baldintzak... ezagutzen eta bizitzen laguntzen dio. Horrela erabakiak hartzerakoan eredu bat baino gehiago bururatuko zaizkio. Alde horretatik, Nerea Alzola Maiztegi irakasleak bere “Propuestas éticas en libros-álbum de literatura infantil” liburuan, Haur Literaturan agertzen diren baliabide etikoak bildu ondoren esaten du “...narrazio hauen bidez haurra hezi egiten da”. Milaka adibide daude baina nabarmenak diren batzuk aipatzearren bai Haur Literaturako pertsonaiek (Txano Gorritxok, Mari Errauskinek, Iholdik), bai Gazte eta Helduen Literaturako pertsonaiek (Madame Bobaryk, Ana Ozoresek, Soinujolearen semeak, Printze txikiak) erabakiak hartu behar dituzte eta ondorioak jasan, honela, egoera anitzetatik irteteko konturatu egingo dira: egoeren konplexutasunaz, arazoak bideratzeko umorea eta irudimenaren garrantziaz, portaeren anbiguotasunaz, askatasuna eta autonomia pertsonalaz eta erantzukizunaz. Oso lagungarriak izango dira kontzientzia moralaren hastapenak finkatzeko.

Phenelopek eta Ulisesek bazekiten euren erabakien ondorioak zeintzuk izango ziren.Horregatik Ulises ez zuten sirenen kantuek liluratu eta Phenelopek gauez desegiten zuen egunez egiten zuen hitzemandako ezkontzarako zapia. Eta benetako bizitza da askatasunaz, arduraz eta erantzukizunez bizitzen dena. Baina arduraz jokatzeak ze nolako ondorioak ekartzen dizkigu? Erosotasuna? Bakardadea? Barneko bakea? Lasaitasuna? Zoriontasuna? Segurtasuna?

 

* Juana López de Munaínek irakaskuntzaren munduan eman du bere jardun profesionala, irakasle bezala eta ikuskari bezala. Resu Abasolo Gallastegik gaur egun Eusko Jaurlaritzako ikuskari bezala dihardu, aurretik irakasle eta ikastetxe zuzendari bezala jardun duelarik. Bion artean iritzi artikuluak idazten dituzte eta "Ilunetik Argira: Elbira Zipitria" (Xangorin, 2004) liburua idatzi zuten ikastolen sortzaileetariko honen bizitzari buruz.


 

 

Comentarios a este post

Anadir comentario

Puedes añadir un comentario rellenando el formulario de abajo. Por favor, escribe en texto plano.

Por motivos de seguridad tu comentario no será publicado hasta que pase nuestro filtro manual de spam. Recibirás un mail en cuanto se publique. Gracias por tu comprensión.

Información
Nota: No estás logeado. Puedes introducir ahora tu usuario y contraseña. Si no lo haces este comentario se mostrará como 'Usuario anónimo'
(Requerido)

(Requerido)

(Obligatorio)

Introduce el texto que ves en la imagen.